2013/01/23

Jon Rosales epaituko dute datorren astean Auzitegi Nazionalean

Argazkian, 2012ko martxoaren 23an egin zioten ongi etorria Rosalesi Algortan.

Jon Rosales Palenzuela gaztea urtarrilaren 28, 29 eta 30ean epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste zortzi euskal herritarrekin batera, ETAri laguntza ematea egotzita. Algortarrak 10 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar izango dio, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak zabaldu duenez. Akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa da. Algortako bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere sumario berean prozesatuta dago. Baina, momentuz, ez da epaitua izango gaur egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako; bere herritik ehunka kilometrotara.

Epaiketa salatzeko hainbat mobilizazio deitu ditu Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak:

Urtarrilak 28, astelehena
19:30 Manifestazioa Telletxen.

Urtarrilak 29, asteartea
Irakurketa eta kontzentrazioa udaletxean.
Egun horretan da udal osoko bilkura, 17:00etan.

Urtarrilak 30, asteazkena
19:30 Manifestazioa (mobilizazio informatiboa) Telletxen.


Jon Rosales Palenzuela gazte algortarra 2012ko urtarrilaren 12an atera zen Alcala Mecotik, 10.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Tartean, ia bi urte egin zituen espetxean, 2010eko otsailaren 17an atxilotu baitzuten Katalunian. "Jon basatiki torturatu egin zuten, salaketa jarri zuten, abokatuek ere jasandako torturak ikaragarriak zirela adierazi zuten, Madrileko epaitegian ere berretsi egin zuen tortura salaketa… baina orain arte tribunalek ez dute ezer egin tortura kasu honetan", salatu zuen bere garaian Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. 

Rosales 2011ko irailaren 19tik 22ra ere epaitu egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, Uribe Kostako beste hamar mutilekin batera, kale borroka taldea osatu eta 2004tik 2007ko uztailera bitarteko hamar ekintza inguru leporatuta. Egun Soriako espetxean daukaten Josu Rodriguez eta Mikel de Gregorio gazte algortarrak izan ezik, gainontzekoak absolbitu egin zituzten. Ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak Degreri ezarritako lau urteko espetxe zigorra bertan behera utzi eta Nekorari, aldiz, lau urtetik hirura murriztu zion zigorra, haietatik bi hilabete eta bost egun bete zituen 2007an. Josu Rodriguez 2012ko ekainaren 30ean atxilotu zuten berriro.

Konponbide garaia da. Epaiketarik ez!
Euskal preso eta iheslari politiko guztiak herrira!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.