2012/08/27

Arkaitz Goikoetxearen gurasoen baserrian pintaketak egin dituzte berriro ere

Iturria: Ukberri.net

Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarraren gurasoek Azkorrin duten baserriaren aurka jardun dute berriro ere hainbat ezezagunek. Gaur goizaldean, "Aqui nazis" (Hemen naziak) dioen pintaketa bat egin dute lursaileko kanpoko horman, sendi abertzalearen etxeko aterantz apuntatzen duen gezi batez lagunduta. Maite Basabek Ukberri.net-i adierazi dionez, berak eta senarrak goizean topatu dute margoa, baina txakurrak zaunka egin du goizaldean, 2ak edo 3ak aldera eta orduan egin dela uste dute. Horren berri eman dio Ertzaintzari Negurin egindako salaketan, baina, halere, ezer ez du espero Poliziarengandik. 2009ko uztailaren 17an, ustez Falange y Tradicion talde ultraeskuindarrak baserria erretzen saiatu, Zigor semearen aurka heriotza mehatxuak margotu eta hainbat pintaketa burutu zituen. Orduan ere, Ertzaintzaren aurrean salatu zuen gertatutakoa, baina handik aurrera ez du albisterik izan, nahiz eta Guardia Zibilak FyTko bost kide 2009ko urriaren 23an atxilotu zituen. Gaur, ordea, ertzainek txostenerako argazkiak egin eta salaketa idazteaz gain, pintaketaren ondoan familiak aspaldi egin zuen presoen aldeko murala ezabatzea besterik ez diotela proposatu kexatu da baserritarra. Basabe bere sendiak pairatzen duen jazarpenaz "nazkatuta" dago.

Izan ere, lehen erasoa orain hamaika urte inguru pairatu zuten, negutegien oihalak kuter batez apurtu zizkietenean. Hartan ere salaketa jarri eta inolako emaitzarik ez zuten eskuratu. 2009an jazo zuten erasorik bortitzena, auzokideei esker etxea galdu ez zutena, ingurukoek ur baldeez probokatutako sutea amatatzea lortu baitzuten. Eraso horiez gain, beste batzuk txikiagoak eta hainbat ertzain eta polizia nazionalek botatako irainak eta egindako jazarpenak ere gogoan ditu Maite Basabek. Orain bi edo hiru hilabete, negutegiko zabor multzo bati su eman zion baten batek eta "dena ertzainez bete" zen. "Nondik eta Berangotik eztandaren bat entzun" zutela eta hots egin zietela zioten poliziek, Basabek gogoratzen duenez. Gauzak horrela, ertzainek sua amatatzeko eskatutako suhiltzaileen kamioiaren faktura ordaintzea berari egokitu zitzaion.

Udalak sendia babesteko asmorik ez

Baina, jazarpenaz gain, mingarriagoa egiten zaio erakundeek agertu dieten babes eza. 2009an, etxea erretzen saiatu eta semeari heriotza mehatxua egin zioten ostean, Imanol Landa Getxoko alkateari hitzordua eskatu zion. Orduan, deituko ziotela esan zioten kezkatutako amari. Baina, deia ez zen inoiz heldu. Hauteskunde kanpainan ikusi zuen alkate jeltzalea eta gertatutakoa gogoratu zion, Landak "ezusteko aurpegia jarri eta horren berririk ez zuela" zioen bitartean. Orduan, berriro ere telefonoa hartu zioten Maite Basaberi baita deituko ziotela berriro agindu ere. Emaitza berbera izan zen. Hirugarrenez saiatu zen Basabe eta berriz udaletxeraino hurbildu eta hitzordua eskatu eta alkatearen idazkariarekin mintzatu zen azkenean hitzordua lotzeko. Telefonoa hirugarrenez hartu eta hirugarrenez deiaren zain dago, oraindik ere, hiru urte pasatu direnean.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.